Quantcast
Channel: Gabriel Aresti euskaltegia
Viewing all articles
Browse latest Browse all 153

Martxoko agendan, hitzaldiak, Kafe Solasak, dokumentalak, kantagintza eta dantza

$
0
0

Inaute Jai itzelaren ostean, martxoko agenda kultura ekarpenez mukuru dator. Denetik izango dugu datozen asteetan, euskara ikasten eta gozatzen jarrai dezazun.

Hasteko, aspalditik itxaroten genuen bisita: Xamar martxoaren 7an, asteartea, izango dugu “Etxea” liburu berria aurkezten. Kontzeptua osotasunean azterturik, ekonomian, kulturan, gure herriaren idiosinkrasian eragin handia du etxeak, egituratu baitu gure izaera. Garraldar ikertzaileak xehe aztertu du euskal etxea liburu honetan eta modu ulergarrian eta dinamikoan kontatzera etorriko zaigu. Goizeko 11etan eta arratsaldeko 4:30ean izango da hitzordua, Kafe Antzokiko goiko aretoan.

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, hausnarketarako abagunea izango dugu aurten ere, Kafe Solasak saioan. Sexismoa identifikatu eta deuseztatzeko asmoz, gure gizartean eta gure egunerokotasunean izaten ditugun jokaerak aztertuko ditugu egun osoan zehar.

Martxoaren 11n, aldiz, Hiromi Yoshida Japoniako hizkuntzalari euskaldunak eta Axen Eskalada, Arantzazu Maiz eta Maider Ibarguren aktoreek Japonian tradizio handia duen rakugoa azaldu eta antzeztu egingo digute, eguerdiko 12:30ean Kafe Antzokiko goiko aretoan.

Martxoaren 13an, “Neskatoak” dokumentala ikusteko aukera izango dugu, goizeko 11etan Kafe Antzokian. Gerraren ondoren, 1950eko hamarkadan, etxetik urrun lanera joatea egokitu zitzaion Hego Euskal Herriko jende askori. Haien artean, oharkabean igaro diren langile finei buruz hitz egingo digu dokumental honek. Emanaldiaren ondoren, gainera, Jon Abril zuzendariarekin solasaldia izango da.

Martxoaren 15ean, asteazkena, hileroko hitzordua dugu Urbeltzen Dantza Ganbaran, Juan Antonio Urbeltzen eskutik dantza egiteko saio irekian. Beti bezala, iluntzeko 8etatik aurrera Kafe Antzokian.

Martxoaren 22an, ostera, kantagintzaren eguna izango da: alde batetik Euskara Ikasleen Kantagunea izango dugu egun osoan zehar euskal kantak ikasi eta gozatzeko. Eta abesteko gogoz jarraituz gero, gonbidatuta zaude, hilero bezala, Anje Duhaldek gidatutako Lagun Artean Kantari saio irekira, iluntzeko 8etatik aurrera.

Hilabeteari bukaera emateko, martxoaren 29an “Motxilaren umea” film pedagokikoa estreinatuko da Kafe Antzokian arratsaldeko 7etan. Rita Naveirak zuzenduta, Itziar Ituño, Jose Angel Aramendi eta Maider Latatu aktoreek hartu dute parte.

Goza ezazu euskaraz eta euskal kulturaz ikasi bitartean!

 


Viewing all articles
Browse latest Browse all 153

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik