Gogotsu eta ilusioz beterik ekin diogu 2015-16 ikasturte berriari Gabriel Aresti euskaltegian. Aurten ere, ikastaro-eskaera zabala prestatu dugu euskara eroso, erraz eta disfrutatuz ikas dezazun: ordu 1 eta erdi, 2, 3, 4 eta 5 orduko klaseak, eguneroko ikastaroak edo astean 2 edo 3 egunetan, asteburuetan, autoikaskuntza…; goizeko 7:30etik gaueko 22:00etara doazen ordutegien artean hautatzeko aukera, eta urrats guztiak. Zure helburu eta beharretara egokitutako ikastaroak ditugu; azterketa ofizialak eta hizkuntza eskakizunak prestatzeko ikastaro espezifikoak ez ezik, euskara zure erritmoa ikasteko edo mintzamena solik lantzeko ikastaroak ere eskaintzen ditugu, besteak beste. Gainera, langabetuek deskontuak izango dituzte.
Halaber, eta urtero legez, ikasturte osoan zehar zure intereseko kultura programazio berezia eskaini nahi dizugu, ohiko eskoletan ikasitakoa osatzen laguntzeko asmoz eta gure kultura sakonago ezagut dezazun. Eta horrez gain, beste jarduera dinamiko batzuk, jai eta ospakizun bereziak kasu, ez dira faltako gure egutegian.
Urriko programazioa
Gabriel Aresti euskaltegiak 35 urte baino gehiago darama euskara irakasten eta euskal mundua ezagutarazten. Eta horretarako, hilero-hilero hainbat kultura proposamen eskaintzen ditugu geure ikasleek, ohiko eskolez gain, euskara era naturalean bizi eta ikasten jarrai dezaten, baita gozatu ere. Urrian eta datozen hileetan ere, beraz, musika, literatura, dantza, bertsolaritza, antzerkia, zinema, kultura ibilbideak, zenbait gairen inguruko hitzaldiak, mintzamenerako dinamikak… eskainiko dizkizugu. Hauxe da ikasturte hasiera honetako agenda oparoa:
Urriaren 7an, asteazkena, Urbeltzen Dantza Ganbarak irekiko du ikasturtea. Dantzan egiteko eta hurbiltzen den orori euskal dantzak hurbilarazteko saio irekia da hau. Edonork parte har dezakeen dantzen jaia. Ez da beharrezkoa dantzari trebea izatea, helburua ondo pasatuz euskal dantza tradizionalarekin harremanetan hastea baita. Hori guztia Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean, berau folklorista ospetsua eta euskal dantzen ikerle nekaezina baitugu. Iluntzeko 8:00etan izango da hitzordua, Kafe Antzokian, hilero-hilero.
Bestalde, eta urtero garai honetan egiten dugun moduan, Gabriel Aresti Segurola gogoratu eta omendu nahi dugu aurten ere. Izan ere, urriaren 14an beteko dira 82 urte idazlea jaio zenetik Bilbon, eta zenbait jarduera antolatu ditugu poetaren bizitza eta lanak hobeto ezagutzeko euskara ikasten jarraitzen duzun bitartean.
![gabrielaresti]()
Urriaren 13an, asteartea, Rafa Rueda musikariak “Gabrieli kantuz” hitzaldi musikatua ekarriko digu, goizeko 11:00etan zein arratsaldeko 18:30ean Kafe Antzokian. Horretan, idazlearen testuetan oinarrituta edo idazleak berak sortutako kanta batzuk ezagutuko ditugu.
Programazioarekin jarraituz, urriaren 14an, asteazkena, “Arestiri gorazarre” hitzaldian idazlearen bizitzan sakontzeko aukera izango dugu, Zenbat Gara elkarteko kidea den Xabier Monasteriok eskainiko digun omenaldi xumea bezain berezi honetan: bere haurtzaroa, euskara ikasten bizi izan zuen prozesua, lana, familia… Goizeko 11:00etan zein 18:30ean entzun ahalko dugu mintzaldia, Kafe Antzokian.
Eta ostiralean, urriak 16, “Arestiren Bilbo” ezagutzeko parada izango dugu, literatura ibilbide honetan zehar, Kafe Antzokitik abiatuta eta 11:00etatik aurrera. Idazlearen sorlekua, haurtzaroa, izan zituen erreferentzia intelektualak, lan aipagarrienak eta Euskaltzaindian izan zuen protagonismoa azpimarratzea du helburu ibilbide honek.
Horrezaz guztiaz gain, urriaren 21ean, asteazkena, denboraldiko lehen Lagun Artean Kantarin elkartuko gara kantuan lagunarteko giro ezin hobean egiteko Anje Duhalde musikariaren laguntzarekin. Arratsaldeko 8:00etan izango da hitzordua, Kafe Antzokian, hilero-hilero.
Eta urriaren 27an, asteartea, antzerkiaren txanda izango da. Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak “Desentxufatuak” antzezlan berria ekarriko digute, goizeko 10:30ean zein 18:30ean Kafe Antzokian. Oraingo honetan, bi euskara ikasle, “munduko euskaldunberririk zaharrenak” direnak, agertuko zaizkigu oholtza gainean, euren frustrazio, desio eta kexak adierazteko. Maitasun istoriorik ederrenetan bezala, euskera maite dute eta gorroto. Gorroto dutelako maite dute; maite dutelako, gorroto.”Desentxufatuak” katarsi ariketa bat da. Euskera ikasleentzat bada, jakina, euren isla (deformatua) ikusten dutelako eszenatokian. Baina euskera ikasle ez direnentzat ere bai. Euskaldun guztion isla ere badirelako bi pertsonaiok. Euskaldunok ditugun desio, kexa, eta obsesio berberak dituztelako. Eta obsesioetan, bi nagusi: euskera bera eta… bai, sexua, jakina! “Desentxufatuak”, “Euskera Sencilloaren Manifiestoa” eta “Larruaizetara” antzezlanen eszenarik onenekin osatua dago. Artifizio handirik gabe agertu nahi dute publiko aurrean, hau da, Ez Dok Hiru-ren funtsa “unplugged”, desentxufatuak alegia.
Euskaltegia baino gehiago da Gabriel Aresti, euskara bere osotasunean eskaintzen dizulako. Ez galdu aukera! Oraindik matrikulatu ez bazara, anima zaitez eta etor zaitez Gabriel Aresti euskaltegira! Informazio gehiago nahi baduzu, jo gure bulegora (Done Bikendi, 2 4.solairua 48001 Bilbo) edo dei iezaguzu: 944 237 591.
Eta gurekin ikastera animatzen bazara, ongi etorri eta mila esker!