Euskara ahalik eta ondoen ikasteko, Gabriel Aresti euskaltegian aspalditik dakigu zein garrantzitsua den hizkuntza klasetik ateratzea, hau da, gustuko jarduerak ikasi, egin eta gozatu bitartean aritzea euskaraz, era naturalean. Badakigu, halaber, egiten ditugun jarduera horiei esker euskal kultura ezagutu eta maitatzen ikas dezakegula. Horregatik, ohiko eskolez gain, hilero-hilero kultura ekarpenak eta proposamen ludikoak eskainiko dizkizugu.
Azaroari hasiera emateko, San Martin ospatuko dugu, Algara konpartsaren eskutik, ostiral honetan, azaroak 11. Antzinako ohiturari jarraituz, baserri askotan txerria hiltzeko garaiaren hasiera da oraingoa; Etorri da San Martin eguna eta joan da txerria, dio esaera zaharrak. Guk gure estilora ospatuko dugu San Martin: euskaraz modu naturalean eginez, txistorrak eta sagardoak lagunduta. Egun osoan zehar Done Bikendin.
Bestalde, gure kulturan hain garrantzitsuak diren dantzak eta kantak ezagutu eta gozatzeko aukera izango dugu hil honetan. Alde batetik, azaroaren 16an, Euskal Ikasleen Dantzagunean elkartuko gara, egun osoan zehar, oso dantza errazak ikasteko eta ederto pasatzeko. Eta gehiago nahi badugu, egun horretan bertan hileroko hitzordua dugu Juan Antonio Urbeltzekin Urbeltzen Dantza Ganbara saioan, iluntzeko 8:00etan Kafe Antzokian. Gogoratu ez duzula dantzari trebea izan beharrik parte hartzeko. Anima zaitez!
Eta beste aldetik, abestuz bukatuko dugu azaroa. Hilaren 30ean euskal musikako klasikoak eta abesti berriak ezagutu eta kantatuko ditugu Euskara Ikasleen Kantagunean. Eta iluntzeko 8:00etan Anje Duhalderen laguntza izango dugu, Lagun Artean Kantari saioan, Kafe Antzokian.