Oporretatik bueltan gara jada, hirugarren hiruhilekoari ekiteko prest. Azken txanpa honetan HABEko azterketak izango ditugu, baita EGA azterketaren azken probak eta IVAP-HAEEko hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko azterketa ere, besteak beste. Gabriel Aresti euskaltegian, proba horiek guztiak prestatzen lagunduko dizugu. Eta horretarako, ohiko eskolez gain, zuregan pentsatutako kultura agenda ere eskaintzen dizugu, zure ikaste prozesua osatu eta zure motibazioan laguntzeko asmoz. Izan ere, gure 35 urte baino gehiagoko esperientziari esker badakigu hilero-hilero eskaintzen dizkizugun kultura zein ludikotasun proposamen horiek euskara hobeto eta azkarrago ikasten eta azterketak behar bezala prestatzen lagunduko dizutela.
Ondo hasteko, apirilaren 4an, astelehena, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jotzaileak bisitatuko gaituzte, “Garai Hura Gara” ikuskizuna eskaintzeko. Musikan, Lizasok Larrañaga, Gamarra eta Osinaga konpositoreen musika ekarriko du, baita Peñaflorida Kondearen hainbat obra jo ere. Andoni Egaña bertsolariak, berriz, Fernando Amezketarraren lana ekarriko du gogora. Goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 19:00etan izango dira Kafe Antzokian.
Apirilaren 6an, aldiz, Urbeltzen Dantza Ganbara dantza saio irekira gaude gonbidatuta. Juan Antonio Urbeltzen laguntzarekin, edonork parte har dezake hilero Kafe Antzokian izaten dugun saio honetan, 20:00etatik aurrera.
Izan ere, dantzak euskal kulturaren oso osagai garrantzitsuak dira, belaunaldiz belaunaldi urte eta mendeetan zehar gorde direnak. Gure jai, ospakizun eta hainbat momenturekin daude lotuta, eta horregatik, euskara ikasten duzun bitartean, ezagutarazi eta gozarazi nahi dizkizugu: apirilaren 13an, asteazkena, lehen urratsetako ikasleek euskal dantza erraz eta atsegingarriak ikasteko aukera izango dute, egun osoan zehar, Euskara ikasleen dantzagunean.
Apirilaren 20an, berriz, zinemaren txanda izango da. Euskal zinema ezagutzeko eta disfrutatzeko Zine-txokoan Javier Rebollok eta Alvar Gordejuelak zuzendutako “Txarriboda” filma (2015) ikusiko dugu oraingo honetan Kafe Antzokian, goizeko 10:15ean eta arratsaldeko 16:15ean. Anbizio handiko Fran enpresari gazteak arriskuan ikusten du bere aberastasuna, senar-emazteen arteko arazoengatik, eta emaztea paretik kentzeko plan konplexu bat taxutzen du. Berak ez dakiena da Klarari egin beharko diola aurre. Klara serieko hiltzaileetan espezializatutako polizia da, eta arrazoi oso pertsonalak ditu emakumeen hiltzaileei jazartzeko.
Eta hilari amaiera emateko, Anje Duhalde eta euskal kantagintzarekin izango dugu hitzordua, Lagun Artean Kantari saio irekian, apirilaren 27an, asteazkena, hilero bezala 20:00etatik aurrera Kafe Antzokian.
Euskara ikasi eta gozatu Gabriel Aresti euskaltegian!